XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

AMAREN BULARRA Iratiren negarra gero eta zaratatsuagoa gertatzen ari da.

Badirudi esnatu berria dela eta seaskatik amari deika ari zaiola.

Egongelako kristalezko mahaitxoan irakurtzen ari zen aldizkaria utzi eta haserre keinu batez gorantz abiatu da Marisa.

Errietan hasi zaio alabari, isil dadin.

Marisa eta Iratiz gain beste hiru gara etxean.

Gabriel nire anaia zaharra, Jaime, apupilo daukagun gizon gazte bat eta ni.

Aita eta ama bizi zirenean ez genuen arazo gehiegirik baina, geroztik, apupilo hartu behar izan dugu jendea.

Horrela daude Jaime, Marisa eta Irati.

Etxeko txirrina entzun dut.

Atean dagoen emakumea nahiko heldua da eta bere lodiera izugarriagatik ez balitz, ile zuriska izango litzateke lehen lehenik somatuko nukeen gauza. Baina ez.

Haragiak soineko urdin argi loretsuaren alde guztietatik ihes egingo diola ematen du.

Paparra ere bikoitza du eta, kontrajarriz, txikiak, ia niminoak zango lodikote haien amaiera estaltzen duten oinetakoak.

Sudurrera jo nau bere izerdiaren usainak.

Lehen, Jaimek eta Marisak elkarrekin lo egiten zutenean ez genuen inolako arazorik izan.

Baina egun batez, badirudi haserretu zirela eta orduz geroztik gela librera pasa behar izan genuen Jaime.

Bitxia da, bai.

Oraindik gogoratzen dut nola duela ez hainbeste denbora, uda haseran, isilka, beren gelara sartu eta bata bestearen alboan aurkitu nituen, gerriraino jeitsita maindirak, bilutsik biak, Jaimeren bizkarrean zurkaizturik Marisaren burua.

Ez dut batere ulertzen baina nik neska bat dudanean ziur nago ez diodala ene buruari beraiei gertatu zaiena gertatzen utziko.

- Igo iezazkiok maletak - Baina, nora?.